Artxiboa Ekaina, 2006

formulatzen

1.- Iratzargailu madarikatu!
Berriro klasera, kaka!
Motxila hartuz bizkar gainean,
ttipi ttapa, ttipi ttapa.
Matematika eta fisika,
besterik ez nuen falta;
halere maisu sartu ezazu
beldurrikan gabe txapa,
nire gogoa beste norabait
ihesi joango da ta.

2.- Unibertsoan edukiera
dun X metro kubiko,
lerro batean zauden puntuak
hamar mila eta piko,
mugagabea aztertu nahian
zenbat hitz filosofiko,
alper alperrik ari hitunan
Bolzano ta Demokrito,
nik zenbat maite haudanan isla
bakarrik dun infinito.

3.- X eta Y ezezagunak
hi eta ni izanikan,
bion baturan emaitza zagon
maitasunaren argitan,
kendura, berriz; ezereza dun,
bion bihotzak hutsikan;
ez ekuazio sistema honek
ez zaukan erantzunikan
ez zagon eta isolatzerik
X-a Y-rengandikan.

4.- Matematikak zion haizela
formarikan gabekoa
ez piramide ezta kuboa
ezer ez dun antzekoa,
erpin gabeko edertasuna,
aurpegi bakarrekoa;
irudi hori izan ziteken
Vitrubion ordekoa,
esfera bezain perfektua den
gorputz geometrikoa.

5.- Attosegundu bateko hire
begirada miopea
niretzat aski dun izozteko
denboraren joatea;
ez segundua, ez minutua,
ez astea, ez urtea,
dudarik gabe beste zerbait dun
denbora unitatea:
hik emandako ondoz ondoko
muxu arteko tartea.

6.- Korronte batek beti eremu
magnetiko bat sortzen din
ta hire muxu elektrikoek
egin diten berdin berdin,
eremu horren erakarpena
niretzat hain dun atsegin,
iritsi eta muxu bat eman
bakarrik nahi diñat egin,
maitasunaren korronte hori
sekula agor ez dedin.

7.- “Eguzkia da gure argia”
sarri diñagu entzuna,
baina uhinek ez zeukanate
hortarako gaitasuna,
energiaren transmisio bat
besterik ezin den suma;
ez eguzkiak, ez ilargiak
ezta lanparak laguna,
argi egiten duen bakarra
dun hire edertasuna.

8.- Ametsetatik jaitsi nauena
gela ertzeko txirrina,
oharkabean pasa ez zait ba
hau lan egun atsegina,
trasto guztiak motxilan sartu
eta kalera jakina,
orain hasten da berriz niretzat
benetako esamina,
pozik nengoke egingo banu
amestutako adina.

Oier Aizpurua

Iruzkinak

Selektibitatearen defizita

Neska batek hamalau urterekin hilekoa estrenatzea bezalakoa, edo pitilinean lehen ileak ateratzen ikustea bezalakoa da selektibitatea… 17 urterekin ia denok pasa beharreko ez beharra. Urte guztikolanak ez du balio, selektibitatea ez bada gainditzen. Alperri(kaka)koa.Gaur izan da nere estrenoa. A ze xarma eduki duen, UPV/EHUren zigilua zuten kartulina horiek jasotzean. Momentu batez ez dut pentsatu zenbat zuhaitz bota behar izan dituzten, berau egiteko (aurrekoan bezala, Mundo deportivo bat zakarrontzi arruntera bota nuenean) eta urduritasunez bor-borka han hasi naiz idazten, axota alde batera eta bestera eskua nekatuaz, hiru ordu luzez. Gaztelera eta Historia egin ditut, momentu historikoa! Bihar Kimika, Biologia eta Matematikako azterketak egin beharko ditut. Ondo egin ezkero matematikoki selektibitatea gaindituta, zeren ehuneko batak bakarrik suspenditzen du…

Astelehena da egunik errazena, egun lasaiena… Euskara eta Ingelesa baititut. Euskarako esamina seguruenik Idaho-ko unibertsitatean euskara ematen dutenena baino errazagoa dela… Azeria, zakurraren familiako ugaztun haragijalea dela abisatzen baitigute, dudak argitzeko. Eta ingelesa euskara baino zailagoa dela esatearekin nahikoa da.

Selektibitatea? Zertarako?

O.Arantzabal

Iruzkinak

(…)

-Kaixo!

-…

-Zer moduz?

-…

-Ni primeran. Joe, esan zerbait…

-…

Eta ez du hiru puntuen isilunearekin adierazten dion guztiaren berri. Ez daki isiltasuna soinua bezala komunikazio tresna dela, hiru puntuek hitzek bezainbeste garrantzi dutela.

WC

Iruzkinak

Kamaleoia(k)

Anbiguetatea idazten dudala pentsatzean zalantzak irensten nau. Idatzirikoa beti aldatzen da. Idazterako orduan interpretazio bat ematen diot, baina berriz irakurtzean iada aldatu zaio esanahia, ez du gauza bera adierazten. Kamaleoiak dira hitzak, barnetik aldatzen diren kamaleoiak.

WC

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5