Artxiboa Uztaila, 2006

Eskeletoak

Hau duk beroa pentsatu zuen, baina izerdia zeraman buruan. Izerdi hotza. Hondartzara joateko beldurra.

Garunari Uztailaren 10 hartan egiten zuen tenperatura kalkulatzeko eskatu zion eta Hemezortzi urterekin hil behar al diat? Izan zen erantzuna.

18 pauso eta 18 mila izerdi tanta.

Putzu bat. Eden akuatikoa. Itsasoa. Xedea. Lagunak agurtu gabe, toalla utzi eta elastikoa erantzirik, uretarantz jo zuen. Antipatikoa bilakatzen ari duk, Johnek. Maiteminduta zegok, Georgek. Nolanahi ere leporaino iristen zitzaion ura, bandera horia zegoen esparruan. Eta sorosleek ez zuten mugimendurik egin.

Ordu erdi bat eta bi minutu beratzen pasa ostean lagunengana itzultzea deliberatu zuen. Baina urrun zeuden. Beroaren eraginez edo, itsasoko ura lurrundu eta itsas-maila jaitsi egin zen. Horixe gertatu zen Saharan, edo Australian.

Uretan errazagoa omen erretzea eta ez zuen kremarik. Etxean bai, bazuen; azalean ez. Izerdiak eraman zion, izerdia azidoa izateaz gain lapurra ere baita. Usaina lapurtzen digu adibidez, eta inguruan hedatu. Izerdia azidoa ere baita, eta denok dakigu zer egiten duen azido sulfurikoak.

Dutxako ilaran neska begiratu-zein-sexia-naizen baten atzean itxoin zuen. Neskak berehala atzeman zion begirada, errudun sentiaraziz. Amua berak jarri eta gero. Horrela erraza da. Gorputza soilik behar da. Eta lotsa gutxi.

Lagunengana zuzendu zen eta agurtu egin zituen. Aio, hondarrez estaltzera niak, bestela erre egingo nauk. Kroketarena egin eta San Jakobo bilakatu zen. Um, jateko modukoa zegok, neska hori. Eta berotu egin zen, hondartza inspekzionatzeko zunda bat sartuz. Horregatik dira zundekin lan egiten duten gehienak gizonezkoak. Gizonezko emakumezkoak ere badira. Eta alderantziz.

Halere, bi minutu geroago sentitzen zuen beroa ez zen neskak eragindakoa. Uda zen. Momentu hartan etxekoandre batek San Jakobo bat zartagiratu zuen Cowbellen. Uda eta eguzkia, aliantza bikaina.

Hondarra beroa da, bero egiten duenean, eta berotu egiten du. Beroak material baten fusio tenperatura gainditzen badu, materiala urtu egiten da. Horixe gertatu zitzaion.

Lehenik neuronak urtu zitzaizkion. Oso sentiberak dira, linfozitoak bezala. Jarraian beste guztia, eskeletoa izan ezik. Eskeletoak fusio tenperatura altua dute, gogorrak eta zuri edo arrosak izateaz gain. Urtu egin zen, gizakizko izaki bat lez, kukurutxoa soilik utziz.

Kukurutxoak bigundu egin ziren. Eskeletoa Gurutze Gorriko postura joan zen, organoak galdu zitzaizkiola eta Aurkitu nahiko nituzke esanez. Izan ere, likidoek hondar berotan bi aukera dituzte: lurrundu edo filtratu. Lehenengo aukera suizidena da.

Pin pin pin. 18 urteko eskeleto batek organo guztiak galdu ditu; Gurutze Gorriko postura etor daitezela, mesedez. Eskeletoa da oso gogorra eta pazientzi handikoa, baina uda osoan ez zitzaion organorik azaldu. Azkenean, bere burua donatu zuen.

Horrela lortzen dira museo, ikastetxe, unibertsitate, ikerketa zentro eta abarretako eskeletoak.

WC

Iruzkinak

Gervasio

Zarauzko hondartza. 19:07, 2006. Ama batek bere haurrari: Gervasio.

Haur etiketatua.

WC

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5