2007 Martxoa 4 @ 21:10
· Atalak: narrazioak
Txikiagoa nintzenean maiz amesten nuen hegan egitearekin, egia esan, eguneroko ametsetan beti hegan egiten nuen, mendian behera joateko nahiz hogei metro egiteko bazen ere.
Behin baina gehiagotan joan izan naiz nire etxetik ikastolara hegan, Zarauzko Santa Barbara menditik behera, Zarautz osoa inoiz gehiago ikusi ez dudan ikuspuntu berezi horretatik mirestuz.Arraroa ez badirudi ere, ametsetan, lagunek ez zidaten sinesten hegan egin nezakeela esaten nienean eta frogatzeko eskatzen zidatenean ezin izaten nuen hegan egin. Zelaira joaten ginen, korrika egiten hasten nintzen eta jauzi egiten nuenean ez zen ezertxo ere gertatzen, bakarrik nengoenean, aldiz, modu berean Hegaz ateratzen nintzen.
Egun batean, ordea, lagunen aurrean hainbat saiakera egin ondoren hegan egitea lortu nuen eta ikastola aurreko zelaiari hamaika itzuli eman nizkion. Hura izan zen, ametsetan, lagunen aurrean hegan egin nuen aldi bakarra, hala eta guztiz ere, gauero korrika egin, jauzi bat egin eta hegan ibiltzen nintzen, mendian behera joateko nahiz hogei metro egiteko bazen ere.
BAH
Lotura iraunkorra
2007 Martxoa 4 @ 21:08
· Atalak: narrazioak
Pipi!Pipi! iratzargailuak esnatu nau. 6:45, kauen!, gaur ere hain goiz iratzarri behar… Altxa eta sukaldera joan naiz, esnea mikrouhin labean berotu eta sobreko kafea bota diot egunero legez. Pare bat croissant txiki hartu ditut, Eroski markakoak, eta nire kafesnean busti eta jan ditut. Ummh! Caviarra baino askoz ere hobea. Komunera joan, hortzak garbitu eta zimurrentzako krema emateari ekin diot. 34 urte, oraindik neska gabe eta gainera zimurrentzako krema eman behar, gurasoekin bizitzea besterik ez zait falta…
Kalera irten eta estankora zuzendu naiz. Dukados pakete bat eskatu dut eta egunkarietara zuzendu nahiz. Gaur ere, egunero bezala, egunkariei bira eman eta albiste xelebreena duen egunkaria hartu dut, Diario, izan ere, txakur malabarista batek agure epileptiko bat umezurtz siames batzuengandik salbatu omen du estatu batuetako estatu batean. Noticias de Gipuzkoa utzi eta Dukados paketea eta egunkaria ordaindu ditut.
Lantegira heldu naizenerako zortziak dira eta laugarren solairura zuzendu naiz. Bertan metro karratu eskas bat duen nire kubikulo maitean sartu eta egun osoa igaro dut kontabilitateko eragiketak egin eta egin; 51000€ko salgai salmenta (700), truke baten bidez, bezeroak kobratzeko merkatal efektua (431)…
Etxera heldu naizenerako jada zeharo aspertuta nago eguneroko egite monotono honetaz. “Kalentar en un minuto”-ko espageti sobre bat berotu dut eta telebista aurrean jarri naiz Antena3eko pelikula bat ikusten. Gaur ere gaueko ordu batak arte egongo naiz telebistari begira eta nire buruari biharko eguna askoz ere hobea izango dela sinestaraziz. Nork daki, agian bihar lanpostu hobe bat ematea lortuko dut, edo neska izatea, edo loteria tokatzea…
Pentsamendu zoragarri hori buruan bueltaka dudala telebista itzali dut, jada pelikula bukatu baita (azkenean bere anaia zen gaiztoa), hortzak garbitu ditut, krema likatsua aurpegi osoan zehar zabaldu dut eta ohera joan naiz biharko iratzargailuaren pipi hotsari lo itxarotera.
BAH
Lotura iraunkorra