Artxiboa Apirila 15, 2007

Kutxatila

kutxatila.jpg

Kutxatila hori zabaldu nahi nuke.giltza?

guztiekin probatu dut.

berak ere ireki nahi du.

eta?

irekiko den esperantzan,

itxarotea besterik ez dut.

Itxita ere gustatzen zait kutxatila.

baina barnean duena

ez dut oraindik ikusi.

Zabaldu zen momentu batez…

oroitzen dut

baina ez naiz gogoratzen.

Itxarotea ez da zaila,

kutxatila nirekin bada.

Denborak ez dio axola, Kutxatilak du giltza.

o kutxatila…

bihotzeko kutxatila.

Iruzkinak

Zure lorategia

I

Zeharka bada ere, txirikordak

askatu zizkidana zara.

Lotsagorritu nintzenekoak,

zakartu zein bakartu nintzen

eguneko txirikordak.

Korapilo amaigabe traskapilatuek

elkarren barnean dituzte,

zilipudika dabiltzan txirikordak.

Askatu zenizkidanak.

Altzairuzko gordailu bilakatua

nintzalarik, petaloek udan gisa

askatutako txirikordak.

Zure Txirikordak.

II

Zaramara bota nituen,

zure txirikordak eta nireak ere.

Garbi utziaz, zimeldutako loreak

hutsik utzitako zurtoin bakartiak.

Txirikorden erreinu izandako

ene barrenak, Txirikorden errepublika

bilakatu ziren eta komunismora

bidean zihoan. Larrosa gorria.

Zeharka bada ere, zanpaturiko

petalo eta korapilo traskapilatuek,

aztarna laga dute,

eten gabe aldatzen diren

larrosa biluzien lorategian.

Zure lorategian.

III

Zurezko lainoak, gezurrezkoak

eraiki dituzu, ene barnean.

Lorategian euririk falta ez dadin.

Zurezko euri sikuaren bustiak,

larrosa biluziak erail ditzan.

Gero berriro aterako direnentz

ez dakigu, txirikorda, txirikorda…

Baina hor zauden bitartean,

hor ikusiko ditugu etengabe,

txirikorda berriak, petaloen

altzairuzko gordailu.

Zuk askatzeko eta zure sentitzeko,

ene barreneko larrosa biluzien lorategia.

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5