“La luz solar afecta a la creatividad”
eta zure begiradarekin kausitu ezinak.
Kolore anitzeko orriak erori arren
oro grisa da,
ekia ez baita esnatzen
eta misterioz inguratzen zaituen
arropa lodiak baitzaitu estaltzen.
Sormena eta zoramena hil dira:
atergabe negar eginak
hitzak taxutzen zituen
anpulu-jauzia idortu du.
Horren gisa da
hipotermiaz hil
zure gertutasuna maitatzen
pizten zen garra.
Horren grisa da….
Urak gure gurak gatzatu ditu:
ttanttoz ttantto,
anpuluz anpulu,
estalaktita aloxo bat luzatuz doa,
estalagmitarekin elkartuko ez dena
bizirik iraungitzen den bitartean.
Pantaila beltzaren gainean
oroitzapenak proiektatzen dira
koba isiltzen denean.
Otoi eta pena guztietan
present zaude, mutu.
Nire bihotz-taupadak hoztuz,
izoztuz,
isiltasuna ostuz,
arnasa moztuz,
soilik ikus zaitzaket
mutua zarenean…
Ezin baitut jasan
zure presentzia
nire arnas-hotsaren
azpitik geratzea,
isilik maitatzea
ezinezkoa zaidan arren.
(Izkiriatuz bai ordea)
Orduan nagusitzen dira
begiak,
keinuak,
usteak.
Sentipenak aurresaten,
leloturik,
hipotesi hutsak erabiliz,
alegiazko bi mundu
paralelo, paperezko,
eraikitzen ditugu.
Azken finean, ez gabiltza oker:
gure bideak ez dira gurutzatuko,
ez gara elkarrekin
urkatuko…
nahiz eta amilburu beretik amildurik
bukatuko duten gorpuek,
gorputz mortuek.
Ez duzu ihes egingo eta
ez zaitut ferekatuko,
ilunpean.
Bata besteari so
zenduko gara,
leloturik,
amildegi hegira
erroturik,
adarrak sustraiak baino sakonago
zimelduko direlarik,
garrak ere amatatzen dituen
ilunduran.
Eta ene itsutasunean
bihotzarekin xerkatuko zaitut
argitasunik,
begiradarik,
kolorerik,
malkorik,
maitasun-garrik,
soinurik,
berorik,
taupadarik,
arnasik…
ZU GABE.
ano