Artxiboa Iraila, 2007

ANDEREÑO BAT IKUSI NUEN IGANDE GOIZÑO BATEZ

Andereño bat ikusi nuen igande goizño batez,

Ixtant beretik agradatu haren begi ederrez,

Nik ez dut uste baduela parerik eztitasunez,

Neure bihotza tristerik dago harekin egon beharrez.

Ainitz maite baduzula fama hedatu zaitzu,

Egun guziz maite berri bat egiten omen duzu.

Horiek oro hola badira, nor fidaturen zaitzu?

Ganbiatu beharko zira ni nahi balin banuzu.

Bazindukeia beldurkunderik zu maitatu geroztik,

Nahi ere bazinkeiela ikusi zutaz bertzerik,

Ez dut uste litzateken mundu huntan gizonik

Kontent bizi ez laitekenik zu beretuz geroztik.

Mihian ditutzun hitz ederrak bihotzean bazintu,

Menturaz zure maitatzea delibera ninduzu;

Bainan gero desplazerik eman gogo baduzu,

Otoizten zaitut ixtant berean lurrez estal nezazu!

Ez nabilazu ikusi nahiz zu lurrez estalia,

Sobera dizut zuretako amodio garbia,

Hori sinetsadazut edo idokadazut bizia.

Horik oro ikusi ez dira zu galduz geroz, maitia.

Martin Larralde

Iruzkinak

Egunsentiek zentzua berreskuratu zutenean

Egunsentiek zentzua berreskuratu zutenean
eta goizeko hotza irensten ikasi nuenean maitemindu nintzen.

Olatuen orruek esnatu ninduten,
goizeko lehen kaioak, zeruaren armonia apurtu zuenean
eta bi perla ilun ziruditenak zure begiak zirela konturatu nintzen.
Urdin izan nahi zuten bi begi horlegi.
Talaimendiren magalean,
izokin kolorea zen nagusi hodei zaharren inguruan.
Hondar bustia nabariaz,
praka bustiaz,
bustiaz…

Egunsentiek zentzua berreskuratu zutenean
eta goizeko hotza irensten ikasi nuenean, maitemindu nintzen.

Iruzkinak

Arkatz batek esana

Arkatza
Goizean arkatza hartu eta kontu handiz analizatu dut. Begirada bat baino gehiago bota dizkiot 3 zm eskas neurtzen dituen arkatz hori-beltzari, eta eduki duen bizitza oparoaz konturatu naiz. Kolpeen aztarnak, zein, hortzaka egindako mutur biluziak, lehen zuen zapore mingotsa gogorarazi dit eta berriz ahoan sartzeko irrika sartu zait, eta baita sartu ere. Betiko zapore berbera, Dbh-ko mahaien zaporearen antzekoa.
Orduan gogorarazi dizkit, andereñoa begira ez zegoenean, Imanolek ematen zizkidan ostiko eta “Whiskyak”, eta gero nola parre egiten genuen eta nola beti nere errua zen. Imanol kabroia.
Ezin ahaztu; Ainhoa eta nere arteko pikeak, oraindik ere faltan botatzen ditudanak. Noizean behin ikusten dut larunbatetan, baina ez da lehengo neskatxa petrala.
Gogoratu dut Beñat, nere bizi guztiko lagunak, azterketa batean bota zuen puzker “malignoa” eta nola gela osoa parrez lehertu zen, izan ere, Beñatek egun osoan atera zuen soinu bakarra izan baitzen hura.
Oroi ditzaket Axierrek eta nik frantseseko klaseetan pasatako abenturak, nola ez, klaseko onenak ginen. Ces´t bien.
Nola joaten nintzen Martin Etxeberriarengana, oraindik idazkari huts zenean, giltza eske. Bizikleta garajean uzten bait nuen eta Martinek giltza ematen zidan, “To, baina hurrengoan badakik eh!”
Eta hurrengoan berdin. Horrela ezagutu nuen Martin.
Pasiloetako usaina nolakoa zen… desberdina eguneko zatietan. Goizean argizari usain eta arbel usainaren nahasketa bat zen, aurreko arratsaldeko detergentearekin fusionatuta. Eta arrastian aldiz, garbitzaileek jartzen zioten hatsa, Don linpio edo garai haietan Mr Propperrena.

Ahotik atera dut arkatza. Oroitzapen gozoak dakarzkidan arkatz mingotsa.
Beste baterarte.

Oier

Iruzkinak

Goiztiar jaiki zara

Badakit, goiztiar jaiki zara eta, hala ere, gogoren bat baduzu eskolara joateko. Lehenengo egunetako emozioa izango da. Jaiki zara eta atzo zure kuttunari esan zenion lez interneten sartu eta bloga begiratu duzu, eta baita hau aurkitu ere. Hau irakurtzen duzun momentuan ni ohean egongo naiz, baina begiak zabalik zutaz pentsatzen, zure irriarekin ametsetan, zeruan, ohea hodei bat balitz bezala. Agian honek balio dizu eguna hobeto hasteko.
Espero dut baietz.

Blogaren zati hau zurea da. Azukrezko muxu bi.

Oier

Iruzkinak

“Hondartza bizirik da”

Zerura begira negoen, hodeiek egindako marrazkiei aiduru. Ea zeren itxura aurkitzen nien, ortziaren urdinarekin kontrastean.
Esku batean hondar goria eta bestean zure eskuarekin.
Kaioren bat edo beste eta pare bat enara igaro eta begiak itxi nituen…
…eta itsasoaren xuxurlak, zein, haizearen arnasa entzun nezakeen.
“hondartza bizirik da.”
Orduan, laztan goxoak amets batetik atera eta beste hobeago batean sartu ninduen. Zurean.

OierHondartza honetan

Iruzkinak (1)

Muticolor culture

dibujo.jpg

Iruzkinak

Luze doaz egunak

immold1.jpg
Ezpainak lehortu zaizkit.
Zartatu.
Azala irristatzen ari zait,
jausten.
Mahaspasa baten antzera
usteltzen ari naiz.
Begiak goibeldu zaizkit,
belarriak luzatu.
Ilea orrazian geratzen da.
Alde egiten du.
Geroz eta zuriagoa da.
Hezur bat apurtu zait,
gero bestea eta lurrera
erori naiz.
Ez nau inork laguntzen.
Taupadak geroz eta distanteagoak,
urriagoak dira.
Birikek urteetako lana,
desgastea pairatzen dute.

Zahartzaroa iritsi zait.

Oier

Iruzkinak

Nomadaren abenturak afrikan zehar.

Blog hau gomendatzen dizuet, egilea ezagutzen dudalako eta apreziatzen dudalako. Fernando Rojo Tolosa izena du berak eta afrikan da 6 hilabeterako. Abenturero hutsa.
Blog horretan, bere narrazioak zein afrikar olerkarien zenbait poema aurki ditzakezue itzulita. Noizean behin eguneratzen du, ahal duenean, afrikan internet ugari ez baitago. Gure fernando egoten den tokietan behintzat.

Loturetan ere baduzue: http://fernando.mundua.com

Iruzkinak

belauntzia

belauntzi-moon.JPG

Belauntziak ilargi bilakatzen
diren herrialdean,
izar iheskorrak
ikusten pasa nahi nuke
gaba osoa.
Eta haizearen ohiuak
ahaztu, eta zure
besoen beroaz
hotz egiten duela konturatu.

Iruzkinak (1)

Inbidiazko malkoak

Atzoko gaban, malko gezaz busti ginen.

Zu eta ni bat eginik itsasoari begira.

        Zein ederra zen atzoko gaba,

Zein ederra zerua…

Baina danetan ederrena zu zara.

…eta horregatik negarrez hasi ziren,

inbidiaz eginiko malkoak isuriaz,

gaba eta zerua. Zu baitzara denetan ederrena.

 Gaur goizean eguzkiak gaba ixilarazi du,

baina,  zeruak negarrez darrai.

Zu hor baitzaude,

eta beti izango baitzara

bera baino ederrago.

 Oier

Iruzkinak

Hurrengo orrialdea »

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5