Artxiboa Otsaila, 2008

Suediatik ere entzun daitela

Sekulako irrika dut Larunbata iristeko… baina aldi berean ez dut gogorik. Larunbatean kontzertua dugu Garabik eta Ipar Haizeak Elgoibargo gaztetxean, kontzertu handia izango da, gogoz abestuko dut, gogor. Ostiral triste baten ondorengo larunbata izango da, barrenak askatzeko moduko larunbata… animatu joatera kontzertura, hain berezia eta indartsua izango da, non abestiak Suediatik ere entzun ahal izango baitira.
Elgoibartik Suediara,

Oier

Iruzkinak

Iceman-en lehengusuaren lehengusuba

Bazen behin izotzezko pertsona bat. Jaio zenean ere izotzezkoa zen. Haurdunaldian ama hipotermiaz egon zen, eta gero masaje erotikoak emanez berotu behar izan zuten. Haurrak arazo asko zituen, adibidez odolarena: odolari antikongelante bat gehitu behar izan zioten medikuek. Bihotza, halere, ez zen izotz puska bat; tenperatura baxuetan funtzionatzen zuen organo humano bat baizik.

Haurra zena hazten joan zen (adinez), mende baten laurdenera iritsi arte. Tamaina aldetik aldakorra zen, eguraldiaren menpe baitzegoen. Siberian bizi zen, amonarekin, eta neguan Islandiara joaten zen oporretara eta kaltzontziloak erostera.

Izotz nahiko opakoa zenez berea ezin zuen BIHOTZA ikusi. Sentitzen zuen, zerbait saltoka, baina ez zekien seguru benetan bihotza existitzen zen ala bere irudimenaren beste engainu bat zen (irudimen kabroia zuen). Horregatik bihotza bilatzeari ekin zion. Herriko soplete bakarra hartu eta toraxa urtutzeari ekin zion. Nerbioak, ur hotza gorputzean behera. Putzu bat. Azkenik lortu zuen bihotzeraino heltzea, baina sopleteek beroa ematen duten bezala bihotza kixkali zuen. Bihotza ikusi zuen instant batez eta gero hil egin zen eta urtu, eguzkitan.

SLN

Iruzkinak (2)

B

B-k jakituria gorena zuela zioten batzuk, erantzun guztiak ezagutzen zituela. Egun batean B ezagutzen ez zuen batekin topatu zen B eta B ezagutzen ez zuenak galdetu zion B-ri:

-Nor zara?
-Ez dakit.

Iruzkinak

Udaberria goiz iritsi da.


Iruzkinak (2)

bizitza

Bizirik bagaude segundo batzuk barru, bihar edo urte dezentetara hilko garelako da. Bizirik gaudelako hiltzen eta hilko garelako bizi baikara. Kontziente izan ez arren segundo bat aski da biziak alde egiteko; zoritxarreko ustekabeko bat eta akabo. Gerta daiteke, ordea, estutasun batean bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan ibiltzea. Alde bat argitan eta bestea itzaletan, non amaituko duzun ez dakizula. Trantzea amaitu ostean bizitzaren aldean amaitu dezakezu, argitan. Orduan konturatzen zara bizitzak duen balioaz, zein ederra eta iheskorra den. Lehen baino bizitza gehiago duzula sentitzen duzu, ia galdu eta gero.

SLN

Iruzkinak

kaka

Denborarekin barnean kaka pilatzen zaigu eta kaka egin behar izaten dugu.
Antzekoa pasatzen zait idaztearekin: barnean gehiago gorde ezin dudanean idatzi egiten dut.

SLN

Iruzkinak (1)

“guretakoak”

Greba egun batez, kaka zoritxarrez.
Jendeak ez du erantzun greba konbokatoriaren harira… jendea nazka-nazka eginda dago politikarekin… hain nazka eginda, non ez baititu salatu nahi izan azken urte erdian gertatutako bidegabekeria ankerrak.
Gaizki deritzot greban parte ez hartzeari. Nahiz eta ezker abertzaleko militantea (batasunekoa) ez izan, ezker abertzalea jasaten ari dena denok salatu beharko baikenuke, desberdintasun ideologikoak alde batera utzita. Eskubideak unibertsalak dira, denok aldarrikatu behar ditugu denontzat.
Ez du balio “hoiek ez dira niretakoak!” esateak… eta gero Ibarretxeren alde kalera ateratzeak, edo terrorismoaren “biktimen” alde… Edo denon alde ateratzen gara edo…

Lagun batek duela gutxi esan zidan lez, bigarren mundu gerran ederki ikusi zen “niretakoak” kontzeptua. Naziek kontzentrazio esparruetara judutarrak eramaten hasi zirenean ez zen erantzun garbirik egon, ahotsa ia inork ez zuen altxa, juduek salbu… eta gero homosexualak ere bidaltzen hasi ziren… ordurarte ixilik egon zen jendea, bere ahotsa kontra altxatzen hasi zen…
Beraz, ez ditzagun “guretakoei” egindako eskubide urraketak bakarrik salatu; guri noizpait bidegabekeriaren bat egin ezkero norbaitek gure izenean ahotsa altxatzea espero badugu behintzat.

oier

Iruzkinak (1)

Break on through (to the other side)

Milaka aldiz nahi izan nuen ezagutu beste alde hori,
Jim Morrisonek ohiukatzen zuena…
Bai… beste alde hori…
paradisua… Miterrand… ez dakit nola deitu jada ezagutu dudanean.
Pertzepzioaren ateak zabaltzea lortuaz ezagutu dut beste alde hori.
Drogarik biziena, kalterik egiten ez duena hartuaz ezagutu ere,
Miterrand erakutsi didan droga gozo eta ederra.

Break on through (to the other side)

Oier

Iruzkinak

Biharko atzo, gaur al da?

Egunon, eguardion edo eta arratsaldeon irakurle. Zer espero zenuen ba aurkitzea, olerki bat? Agian ipuin bat? ba ez gaurkoan ez, gaurkoan azalpen edo buruhauste bat planteatu eta honen inguruan dudan iritzia azalduko dizuet.

Une bat hartu zuentzat orain, zuentzat soilik. Saiatu lasaitzen, burua aurreiritzietatik libratzen eta hartu arnasa sakon.
Orain pentsatu zer egin zenuten atzo. Zer egin zenuten?

Eta bihar zer egitea espero duzue?

Azken batean berdin dio guzti honek; zeren eta, lehenaldia zein etorkizuna ez dira errealak. Gauza erreal bakarrak unean-uneko bizipenak dira. Carpe Diem bezala ezagutzen da hau.

Une batez pentsatzera eramaten gaitu. “Biharko atzo, gaur al da?”

Iruzkinak (2)

Tom Harcy´s life (3.kapitulua)

Goiza zen jada eta negozio familiarra zabalik zen. Txakur batek, aparkatuta zegoen auto gorria usnatzen zuen bitartean sartu zen gizon biboteduna dendan. Harrituta geratu zen bertan zen hatsarekin; gernuaren eta espezia indioen nahasketa batekin zintzelatutako paretak zirela iruditu zitzaion une batez, “Ahjjjj…!”

Kazadora marroia eta betaurreko ilunak zeramatzan gizon indartsuak, eta nazka aurpegi konstante bat soinean… Tomek ez zekien zergatik. Gizon nazkagarri soil bat zelakoan, hura pakean lagatzea hauteman zuen, zentzudun jokatuz.
Tom gizajoak ez zekien, zergatik jaitsi zen hainbeste erosleen tasa azken urteetan… garbi zegoen hala ere lokal zikinak eta honen atarramendu zen usainak zutela erru guztia, hau da, berak.

Harrisonen falta sumatzen zuen askotan. Denda seguratarik gabe geratu zen istripu lazgarriaren ondoren. Dendaren irabazien %50a galdu zuten, hau da, honek limosna gisa jasotzen zituen txanpon guztiak. Harrison gaixoa mugitu ezinik, hitz egin ezinik eta ia ia bizi ezinik geratu zen. “Baina kabroiak jan ederki egiten dik, eta kaka lehen baino ugariago!” Bakarrik hitzegiten hasia zen jada Tom.

Koipe zaharra erretiratzen aritu zen denda ireki aurretik, goizeko lehen eguzki izpien pean eta koipetsu zituen eskuak eta kamiseta tiranteduna. Prakak duela bi hilabeteko “bolognesa” saltsaren orban pare bat besterik ez zuten. Garbigailua estropeatu zenetik…

Kazadora marroidun gizon bibotedunak ez zirudien erosketarik egitera zihoanik, ez baitzuen artikuluak begiratu besterik egiten. Ez ote zen etorri udaletxetik ea erreglamentua errespetatzen zen ikustera… Hori pentsatzen zuen Tomek. “Ziur inspektore bat dekela… nazkagarri aurpegi horrekin zer bestela…” ia-ia berarengana joan eta esan nion, EZETZ nazkagarri aurpegiarena higiene faltarena eta gernu espeziatuaren usainarena zela… ez ote da konturatuko inoiz gazte hau… Baina tira, bera tematuta zegoen inspektorea zenaren ideiarekin.

Laster alde egin zion ideia honek burutik.
Gizon bibotedun indartsuak, txikleen sekziotik etorri eta 38. kalibreko pistola atera zionean muturren aurrean hain zuzen. Orduan txikitan ikusi zituen bakeroen pelikula guztiak oroitu zituen, nola hiltzen ziren cowboyak, eta nola egurrezko teilatuetatik jausten ziren zaldiek edateko putzuetara. Nola sheriffak ere bazuen horrelako, 38.kalibreko errebolber bat… nola bere aitak ere beti izan zuen bat gurasoen logelako bigarren armairuko laugarren kaxoian gordeta, “porsiakaso, lapurrak badatoz seme.”

“Emaidak daukaan diru guztia, memelo hori!”, benetan jakingo balu dendak irabazten zuena eguneko, lehenago alboko kioskoa lapurtuko luke. Tomek pena aurpegiarekin begiratu, eta ez zuela dirurik esan zion honi; azken aldian gaizki zihoala negozio familiarra… aita tetraplejiko zuela eta bazirela bi aste Parrotek ez zuela jaten. Gizonak, parre egin, eta sekulako zartakoa eman zion buruan pistolarekin lau zentimetroko zuloa eginaz. Eta ondoren zigarro bat piztu zuen.

Dendaren ateak ixtean egitez zuen dilindotsa izan zen Tom gazteak entzun zuen azken hotsa egun hartan, eta kanpoko txakurraren zaunka. Auto gorrian alde egin zuen lapur bibotedunak eta dendako lurra gorri utzi zuen odolez…

Egun gorri bat gehiago.

Oier

Iruzkinak

« Aurreko orrialdea

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5