Artxiboa Apirila 17, 2008

udaberria


Neguaren ostean
zelaiak bizia hartzen du.
Belar-multzo uniformetik
udaberria loratzen da.
Lore bat, lehenbizi, beldurrez;
tropa bat ondoren,
lehenengo lorearen atzetik.
Zelaian loreak ugaritzen dira; aldaketa.
Ziklo bakoitzean bezala
udaberriak indarra hartzen du
eta zelaia zena
lore-itsaso bat bilakatzen da.

Loreak nagusi dira
udaberriaren babesean.
Loreek diote:
“Hemen loreok agintzen dugu”
eta belarra mutu geratzen da.
Ordea, loreek belarraren antza hartzen dute,
nahiz eta beraiek oso lore eta aske sentitu.

Baina badaude loreak
gatibu sentitzen direnak:
Beste loreen itzalpean, estututa,
eta, batez ere,
beren erroetatik askatu ezinda.
Orduan, haizeari esaten diote:
“Eraman nazazu, eraman zurekin”
Eta haizeak:
“Baina orduan nire esklaboa izango zara”

Badaude erroak utzi eta
haizearekin dantzan egiten dute loreak,
norabide finkorik gabe nabigatzen dutenak,
talka egin eta betiko ondoratu aurretik.

Eta gainontzeko loreak jaio ziren toki berean hiltzen dira.
Batzuk hazia askatzen dute,
lore bat izan daitekeena,
etorkizuneko udaberri batean.

Loreak, badoaz.
Badatoz lehorteak, badatoz euriteak,
badatoz ekaitzak eta badator elurra.
Negua da.

Iruzkinak

Kafea
Katilu bati hitz egiten ikasi dut,
erantzunik jaso gabe, kafe hatsarekin.
Egunkariari laztan egiten ikasi dut,
Miazkatu dudan nire hatzarekin.

Ezerezari begiratzen ikasi dut,
izkinetik datorren jende hotsagatik
Irrifarre bat eskertzen ikasi dut,
begiratu nauen jende hotzagatik.

Gero arte esaten ikasi dut
betirako agurren esker txarragatik.
Sustraiak ez botatzen ikasi dut
ibili ezin duten zuhaitz zaharrengatik.

Katilu, egunkari
ezerezari irriparre
gero arte
sustraiak bota gabe…

…Gizarte ustelean
denok zoro gaude
eta zoroetxeak
hutsak daude
Furgoneta batean
ihes egin nahi nuke
Inora aldera
norabiderik gabe.

Ikasi dut hitz egiten
Ikasi dut laztan egiten
Ezerezari begiratzen ikasi dut
Irrifarre bat eskertzen…
Gero arte esaten ikasi dut,
sustraiak ez botatzen.

…ikasi dut
…ikasi dut
barkaidazu…
ikasi dut.

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5