lo sakona
Amets arraro bat eduki dut (amets gehienak dira arraroak). Tren bateko bidaiaria nintzen, inguruan nituen beste asko bezala. Tren zaharra zen, lurrunezkoa. Mendi maldatsuen artean mugitzen zen trena, S ugari eginez, ondoan zuen ibaiaren tankeran. Halako batean, haizpitarte batera iristean, geratu egin zen. Gizon altu eta gihartsu batek (uste dut arma bat zuela, ez nago ziur) jaisteko agindu zigun, trenetik jaisteko. Beraz, erreka alboan geratu ginen, trenetik at, eta trenak bere bidaia jarraitu zuen, pertsona bakarrarekin. Berehala tunel estu batean sartu zen eta leherketa bat entzun genuen, tunel barnetik zetorrena. Tunelaren beste aldetik, gure trenaren aurkako norantzan, beste tren bat zetorren; modernoagoa, azkarragoa.
Ametsak jarraitzen du, baina jarraian datorrenak ez du tren eta leherketekin zerikusirik.
Goizean esan didate hemendik hurbil leherketa bat egon dela, gauean. Ea ez naizen esnatu. Ezetz, lo seko nengoela.