Artxiboa narrazioak

barra bat, mesedez

Ogi imajinarioa saltzen zuten okindegian sartu zen gorbata trajeduna. Mostradorera hurbildu eta ezkutuan 500 euroko billete bat erakutsi zioan saltzaileari, bertan ez zegoen jendeak ez ikusteko edo. Saltzaileak keinu baten bidez “ongi da, goazen” esan zion eta atzeko Gela Misteriotsura joan ziren. Bertan, bitrina baten barnean BENETAKO (letra larriz) ogi barra bat zegoen. Koskorra falta zuen, aspaldiko jabe baten tentazioaren erruz. Tentazioak dira errudunak, ez jabeak.

“Mende bat duela uste da, baina egoera onean kontserbatzen da. Hori bai, txikle motakoa da eta eurite batzuen ondorioz pixka bat busti zen. Lehortze-tratamendu sakon bat jasan du. Halere, prezioa oso tentagarria du.”

“Gama altuagoko zerbait baduzu? Txekeak egin ditzaket.”

“Barkatu, jauna, baina une honetan ezin dizkizut gauza preziatuagoak erakutsi. Horretarako aurrez abisatu beharko zenuke eta sartzeko 100 euro ordaindu, interesa duzula erakusteko eta hori. Segurtasun sistemak oso garestiak dira.”

Trajeak gorbata lasaitu zuen. Gero, une batez pentsatzen ari zenaren itxura egin zuen.

“Ongi da, hauxe eramango dut, emaztea zain dut eta.”

Iruzkinak

Dear X:

Email anonimoak bidaltzen zizkion bere buruari. Gehienak maitasun deklarazioak ziren eta adjektibo positiboz jositakoak beste asko. Egun batean, ordea, X izeneko batek idatzi zion esanez zer egiten zuen berari, X-i, email anonimoak bidaltzen. Ez zuela inor maitasunaren jokoan harrapatzeko ahalmenik eta buruko ileak aspaldi galdu zituela gaineratu zion X-ek. Eta, mesedez, hegia hatxe gabe idazteko, ertza aipatu nahi zuenean izan ezik.

SLN

Iruzkinak

Iceman-en lehengusuaren lehengusuba

Bazen behin izotzezko pertsona bat. Jaio zenean ere izotzezkoa zen. Haurdunaldian ama hipotermiaz egon zen, eta gero masaje erotikoak emanez berotu behar izan zuten. Haurrak arazo asko zituen, adibidez odolarena: odolari antikongelante bat gehitu behar izan zioten medikuek. Bihotza, halere, ez zen izotz puska bat; tenperatura baxuetan funtzionatzen zuen organo humano bat baizik.

Haurra zena hazten joan zen (adinez), mende baten laurdenera iritsi arte. Tamaina aldetik aldakorra zen, eguraldiaren menpe baitzegoen. Siberian bizi zen, amonarekin, eta neguan Islandiara joaten zen oporretara eta kaltzontziloak erostera.

Izotz nahiko opakoa zenez berea ezin zuen BIHOTZA ikusi. Sentitzen zuen, zerbait saltoka, baina ez zekien seguru benetan bihotza existitzen zen ala bere irudimenaren beste engainu bat zen (irudimen kabroia zuen). Horregatik bihotza bilatzeari ekin zion. Herriko soplete bakarra hartu eta toraxa urtutzeari ekin zion. Nerbioak, ur hotza gorputzean behera. Putzu bat. Azkenik lortu zuen bihotzeraino heltzea, baina sopleteek beroa ematen duten bezala bihotza kixkali zuen. Bihotza ikusi zuen instant batez eta gero hil egin zen eta urtu, eguzkitan.

SLN

Iruzkinak (2)

B

B-k jakituria gorena zuela zioten batzuk, erantzun guztiak ezagutzen zituela. Egun batean B ezagutzen ez zuen batekin topatu zen B eta B ezagutzen ez zuenak galdetu zion B-ri:

-Nor zara?
-Ez dakit.

Iruzkinak

Tom Harcy´s life (3.kapitulua)

Goiza zen jada eta negozio familiarra zabalik zen. Txakur batek, aparkatuta zegoen auto gorria usnatzen zuen bitartean sartu zen gizon biboteduna dendan. Harrituta geratu zen bertan zen hatsarekin; gernuaren eta espezia indioen nahasketa batekin zintzelatutako paretak zirela iruditu zitzaion une batez, “Ahjjjj…!”

Kazadora marroia eta betaurreko ilunak zeramatzan gizon indartsuak, eta nazka aurpegi konstante bat soinean… Tomek ez zekien zergatik. Gizon nazkagarri soil bat zelakoan, hura pakean lagatzea hauteman zuen, zentzudun jokatuz.
Tom gizajoak ez zekien, zergatik jaitsi zen hainbeste erosleen tasa azken urteetan… garbi zegoen hala ere lokal zikinak eta honen atarramendu zen usainak zutela erru guztia, hau da, berak.

Harrisonen falta sumatzen zuen askotan. Denda seguratarik gabe geratu zen istripu lazgarriaren ondoren. Dendaren irabazien %50a galdu zuten, hau da, honek limosna gisa jasotzen zituen txanpon guztiak. Harrison gaixoa mugitu ezinik, hitz egin ezinik eta ia ia bizi ezinik geratu zen. “Baina kabroiak jan ederki egiten dik, eta kaka lehen baino ugariago!” Bakarrik hitzegiten hasia zen jada Tom.

Koipe zaharra erretiratzen aritu zen denda ireki aurretik, goizeko lehen eguzki izpien pean eta koipetsu zituen eskuak eta kamiseta tiranteduna. Prakak duela bi hilabeteko “bolognesa” saltsaren orban pare bat besterik ez zuten. Garbigailua estropeatu zenetik…

Kazadora marroidun gizon bibotedunak ez zirudien erosketarik egitera zihoanik, ez baitzuen artikuluak begiratu besterik egiten. Ez ote zen etorri udaletxetik ea erreglamentua errespetatzen zen ikustera… Hori pentsatzen zuen Tomek. “Ziur inspektore bat dekela… nazkagarri aurpegi horrekin zer bestela…” ia-ia berarengana joan eta esan nion, EZETZ nazkagarri aurpegiarena higiene faltarena eta gernu espeziatuaren usainarena zela… ez ote da konturatuko inoiz gazte hau… Baina tira, bera tematuta zegoen inspektorea zenaren ideiarekin.

Laster alde egin zion ideia honek burutik.
Gizon bibotedun indartsuak, txikleen sekziotik etorri eta 38. kalibreko pistola atera zionean muturren aurrean hain zuzen. Orduan txikitan ikusi zituen bakeroen pelikula guztiak oroitu zituen, nola hiltzen ziren cowboyak, eta nola egurrezko teilatuetatik jausten ziren zaldiek edateko putzuetara. Nola sheriffak ere bazuen horrelako, 38.kalibreko errebolber bat… nola bere aitak ere beti izan zuen bat gurasoen logelako bigarren armairuko laugarren kaxoian gordeta, “porsiakaso, lapurrak badatoz seme.”

“Emaidak daukaan diru guztia, memelo hori!”, benetan jakingo balu dendak irabazten zuena eguneko, lehenago alboko kioskoa lapurtuko luke. Tomek pena aurpegiarekin begiratu, eta ez zuela dirurik esan zion honi; azken aldian gaizki zihoala negozio familiarra… aita tetraplejiko zuela eta bazirela bi aste Parrotek ez zuela jaten. Gizonak, parre egin, eta sekulako zartakoa eman zion buruan pistolarekin lau zentimetroko zuloa eginaz. Eta ondoren zigarro bat piztu zuen.

Dendaren ateak ixtean egitez zuen dilindotsa izan zen Tom gazteak entzun zuen azken hotsa egun hartan, eta kanpoko txakurraren zaunka. Auto gorrian alde egin zuen lapur bibotedunak eta dendako lurra gorri utzi zuen odolez…

Egun gorri bat gehiago.

Oier

Iruzkinak

Tom Harcy´s life (2.kapitulua)

Desordena eta kaosa ziren nagusi pisu txiki hartan. Harrison jaunak erretzen zituen zigarroen keak horitutako hormak, lehen zuriak zirenak, unibertsitateko milaka apunte eta liburu, tontor bat eginaz pilatuta, eta erdian Tom, asteazken goiz batez kale izkin batean aurkitutako sofan jesarrita… Begiak, ordurarte sufritutakoak ahituta, eta kopeta zuri bezain bustia zuen, izerdiak bustia. New Hampsireko garaietako apunteak begiratzen ari zela, nostalgiak jota, iritsi zitzaion berri txarra.

“Aita suizidatzen saitu? eta ez dik lortu bere burua akabatzea… nik suizidatuko zioat babo horri!”, Orain ez zituen behintzat aita zaharraren kakak jaso beharko, orain aita zahar tretraplejikoarenak jaso beharko zituen… “Nork jakin Tom… agian orain hire estatus soziala igo ahalko duk!” esaten zion bere buruari kontsolazio bila. Bai noski, ziur “estatus soziala” igotzea lortuko zuela… Honetarako metodo desberdinak otu zitzaizkion:

1- Gazte errukigarria

“Goizero jaiki eta lehen gauza aitari aginak garbitu (geratzen zitzaizkionak) eta gosaria prestatuko diot. Ondoren gosaria ez duela nahi ikustean nik jango dut. Berriz aginak garbitu eta jantzi ondoren, bere aulkian jesarrita Central Park-era, paseatzera eraman eta han banku batean jesarriko gara, beno aitatxok ez du behar bankurik, nahikoa du bere ahulkiarekin. Bertan goiz osoa igaroko dugu eta eguerdian ea Hot Dog-rik nahi duen galdetuko diot . Erantzunik jasoko ez dudanez niretzat bakarrik erosi, eta patxadaz, saltxitxa zati bakoitza gozatuaz, guztia jango dut. Arratsaldean nik bezala aita paseatzen diharduten neska gazteen bila arituko naiz, errukia emanez. Horrela lagun ugari egin ahal izango dut.
Iluntzean berriz etxera itzuli eta Afaria, gozo-gozoa prestatuko diot aitatxo maiteari eta berak nahi ez duela ikustean… nik jango dut, “badakizu aita, ezin da ezer utzi platerean…”

Horrela aste bat igaro eta aita bizitza hobe batera igaroko da. Nik Donkey Dots saldu eta NY-etik alde egingo dut, parkean ezagututako neska gazte bati gerritik helduta, Parrot soinean dudala. Bizitza berregingo dut…”

bai horixe…

2- Gobernuaren laguntzak

“Tom, hau duk burutzen errazena, hik egin behar duan bakarra zera da, Gobernuak 1997ko Maiatzak 20an akordatutako tetraplejikoentzako diru laguntzak baliatzea… Hilabetez-hilabete dirudun egin haiteke.
Aita bizirik mantentzea izango duk zailena, batez ere etxe ziztrin honetan… beste guztia txorakeria hutsa duk, buzoia zabaldu eta fruituak jasotzea, aita hilabete bat gehiago bizirik mantentzearen fruituak.
Eta bizitza sozialki berreraikitzeko diru nahiko daukakenean, “1-.Gazte Errukigarria” Metodora itzuli eta aste bateko kontua izango duk.”

3- Labana zorrotzarena

“Ohetik altxa naiz, aita ezinduaren begi errukarriak ikusi ditut, “Nora hoa?” galdetuko balute bezala. Nik irrifarre lasaigarri bat bota diot, baina, bera dirudienez ez da lasaitu, eta begiak alde batetik bestera mugitzen hasi da.
Sukaldean sartu eta armairua zabaldu dut… oreo kaxak… oreo bat hartu eta jan egin dut. Aginak beltzak ditut…
Armairua itxi.
Beheko kaxoia zabaldu eta sakakortxosa atera dut, punta zorrotz bezain kiribildua duten sakakortxos horietako bat. “Zertarako behar ote du aitak sakakortxosa… ez dugu botila bat sekula ireki eta…” ernegatuta nago… urduri… ulertezina da zertarako nahi duen sakakortxos bat nire aitak.
Kaxoia itxi dut.
Berriz aitarengana joan eta galdetu egin diot sakakortxoari buruz; “Zertarako erosi zenuen sakakortxosa aita??” ez dut erantzunik jaso. Haserretu egin naiz.
Bere belaunetan eseri naiz txikitan egiten nuen bezala eta berriz galdetu diot; “Zertarako erosi zenuen sakakortxosa aita?” eta ez dut erantzunik jaso…
Ditxosozko sakakortxosa hartu eta begi bat atera diot. Dena odola isuri du nire galtza bakeroetan… beste begia ere erraz atera diot, “instrumentu honi sakaojosa deitu beharko litzaioke ezta aita?”
Aita odoluztutzen laga eta beheko kafetegira joan naiz, ebaki bat hartzera.”

Une batez pentsatuak alde batera utzi zituen Parrot-en begirada nabaritzean, zer pentsatzen ari zen nabarituko balu lez. “Behintzat hi beti izango haiz nere lagun ezta? Lagunduko didak agure nazkagarri hau zaintzen ezta?” Parroten erantzunik ez zuen jaso, baina bera gustura geratu zen. Galtza bakeroak sokaz lotu eta tirantedun kamiseta jantziaz batera atera zen etxetik.
Aitaren bila joan beharra zuen Hospitalera. Bada ez bada ere Sakakortxosa erosi zuen kale izkineko ferreterian.

Iruzkinak

Zorion (1. kapitulua)

Multinazional batek zoriontasunaren formula aurkitu zuen, eta patentatu, noski. Nahiz eta salmentan prezio altuan jarri arrakasta ikaragarria lortu zuen. Enpresak, gero, prezioa jaitsi zion, jende gehiagok eros zezan (fabrikazio kostua oso txikia zen, lehengaiak oso basikoak baitziren). Produktua kapsuletan saltzen zen; goizero, baraurik, bat hartu behar zen. Hori dela eta jende askok soldataren zati handi bat zoriontasuna erosteko erabiltzen zuen.

6 hilabete inguru pasa ostean pertsona gehienek zoriontasuna kapsula berde batekin lotzen zuten, edo kapsulak erosteko diruarekin. Batzuk konturatu ziren zoriontsu izatera ohitu zirela eta zoriontasuna erosteari utzi zioten. Orduan hondoa jota sentitu ziren, zoriontasun dosirik ez zutelako. 6 hilabete inguru pasa ondoren, ordea, egoera normaltzat zuten. Noizean behin zoriontsuago edo tristeago sentitzen ziren, bi egoerak bizitzen zituzten, baina zoriontasuna ezagutzen zuten.

Bitartean, kapsulak erosten jarraitzen zutenek zoriontasuna zer zen ahaztu zuten eta eguneko dosia ez zuten uzten, triste bizitzearen beldurrez. Ezin zuten mundu zoriontsu bat imajinatu egunero kapsula bat kontsumitu gabe.

SLN

Iruzkinak

Tom Harcy´s life (1.kapitulua)

Tom Harcy

New Yorken bizi zen Tom Harcy jauna. Ni orain ez naiz oso ondo oroitzen auzoaren izenaz, baina ederki asko gogora dezaket nola NY-eko auzo kaxkarrenetarikoa zen, kaleak zikin eta zakarrontziak botaka… beti aurki zitekeen lixkarren bat bertan, beti entzun zitezkeen poliziaren sirena hotsak eta ikus odol orbanak goizean ogia erostera jaistean, espaloi ertzetan. 40 metro karratuko pisu bat nahikoa zuen, berarentzat, bere aita Harrison Harcy zaharrarentzat eta Parrotentzat.
Bata agure zahar bezain petrala zen eta bestea George´s Pet shop-en erosi zuen loroa. Esan daiteke Parrot bera gehiago maite zuela aita baino, kaka kopuru txikiagotan egiten baitzuen, errazago egiten baitzitzaion bere kaiola garbitzea. Egia esan duela hiru egunetako ogi gogorra baino gutxiago maite zuen bizitza honetan, loroa zuen lagunik onena.

Tomek Filosofia ikasi zuen New Hampsire-ko univertsitatean eta beka bat eskeini zioten catedra ingalaterran egiteko, baina ez zuen onartu aita zaindu eta bere familiaren negozioa aurrera atera behar baitzuen.

Auzoan aldiz, inork ez zuen sinisten hori egia zenik, “Hik nola ikasiko huen ba filosofia, egunetik egunera zoroago abil mutil!”, hala esaten zuten auzokideek Tom gizajoaren piura ikustean; tirantedun kamiseta zikin bat eta bere aitak urtebetetze egunean oparitutako bakero zarpailak. Hain zen argala mutila… dena hezur, dena azal eta betaurreko zahar batzuk (unibertsitateko garaietako oroigarri), non ezin baitzituen bakeroak helduta eduki gerrikoaz… soka bat behar zuen. “Oraindik ez dira zure neurriko gerrikoak egiten gazte… sentitzen dugu.”

Fidgeral kaleko izkin batean aurkitzen zen negozio familiarra, Donkey-Dots supermerkatuak. Orain, aita jada zaharra zenez, bere kargu zegoen denda egunero zabaltzea, eta halaxe egiten zuen eta baita eguneko 8 orduetan barraren atzean egon ere. Aitak ere joaten jarraitzen zuen, bere semeaz ez zen fidatzen, eta segurtasun lanak burutzen zituen buruan bisera beltz bat jantzita, segurata bailitzan. Batzutan atearen kanpoaldean ipintzen zenean, eskalea zelakoan jendeak dirua botatzen zion.

Egia esan negozio hark, nik narratzaile objetibotik dudana zuen supermerkatutik, zipitzik ez.

Harrison Harcy

Egunetik egunera beranduago jaikitzen zen ohetik, gehiago kostatzen zitzaion gosaltzen amaitzea eta nola ez dutxan sartzea ere bai. Azken aldian inoiz baino usain txarragoa zuen, eta hori berak ederki asko nabaritzen zuen bere sudurzulo iletsuekin. Ez ote zen amaierara iristen hasia izango, “Hurbil ote duk amaiera Harri?” galdetzen hasia zen bere buruari, ez ote zen usain hura heriotzaren hatsa izango… “Ez ote nauk zoratzen hasia izango?”

Guztia zen tristezia bere barnean… seme tontoa tokatu zitzaion; lagunik ez zuen argal babolio bat, eta emaztearen falta sumatzen zuen. Hark behintzat zuhurtziaz jokatu, eta hau guztia aurreikusiaz batera, suizidatu egin zen Wiston Hoteleko 35.pisutik botata arrasti batean. Dena zen tristezia Harrisonen barnean. Atsekabetuta bizi zen.

Azkenean putzurik ilunenean murgilduta, bere emaztearen bidea jarraitzea erabaki zuen; hau da,
argia izatea eta Winston Hoteleko 35.pisutik salto egitea, etorkizuna odol putzu bero bat bihurtzeko Winston street-eko espaloi batean, seme tentela behingoz ahazteko, eta bizi guztian sinistutako hil osteko paradisuaren iruzurra egia bazen, bertan emaztearekin larrutan egiteko.

Esan eta egin, Winston Hoteleko 35. pisura igo eta lehiotik salto egin zuen, lastima momentu horretantxe bertan hirira ailegatzen ari zen lasto fardoz betetako kamioi bat bidean gurutzatu zela…
Ez paradisu, ez larrua jo, ez seme tentelaz ahaztu… ez zuen bere helburua lortu, ez zen hil, betirako tetraplejiko geratu zen. Nork behar ditu lasto fardoak NY-en… dirudienez norbaitek bai.

Oier

Iruzkinak

dinosauroa

Ikastolara joaten ari nintzen nere lagun batekin eta zuhaitz baten atzetik dinosauro bat azaldu zen. Nere laguna jaten saiatu zen baina motxila bakarrik jan zuen. Ni nola oso azkarra naizen motxilatik nere tiratxinasa atera nuen eta dinosauroari begian eman nion kanika batekin. Dinosauroak ezin zuen ikusi eta bitartean lagunarekin korrika joan nintzen. Ikastolara puntual iritsi ginen baina andereñoak esan zuen dinosauroak aspaldi desagertu zirela. Baina aurreko batean telebista ikusi nuen eta bertan dinosauroak ikusi nituen eta gainera gaur goizean ere dinosauro bat ikusi dut, lepo luzearekin.

Bale, batzutan oso umea naiz. Eta zer.

SLN

Iruzkinak

Gabon zoriontsuak

Azkenik iritsi dira, bertan ditugu hain gustuko ditugun gabonak. Niri ere ikaragarri gustatzen zaizkit, jendeak bere onena ateratzen duelako, kaleko zein etxeetako hanbiente eta koloreengatik. Mitologia, folklorea… dena da misterioa gabonetan. Baina, inozentzia aski galtzen hasia dut eta horrek gabonen aurka jokatzen du. Konziente naiz gizarte kapitalista kontsumista batean bizi garela eta gabonekin gizarte egoista honi jaten ematen diogula. Eta ni naiz lehenengoa. Zertarako ukatu… Gabonak herrialde bakar batzuetan ospatzen dituzte.

Baina umetan bizi ohi ditugun gabonak bestelakoak dira. Gauza konplikatu guzti horiek ez ditugu ulertzen eta dena da magia, dena da misterioa. Txikitan, oroitzen naiz nola oparien poza ez zen ekonomikoa, nola ez zen interesatua. Berdin zioen kasko bat, erloju bat ala game boy-a bazen oparitzen zidatena, nere poza ez zen materialagatik, baizik eta Olentzero etxean sartu zelako ezkutuan… inor konturatu gabe… eta oparia utzi zuelako niretzat.

Eta beste poz bat, oraindik mantentzen dudana, familia osoa mahai batean ikustearena da. Mahai inguruan kantatzearena eta esaten dituzten gauzak entzutea, kontuak, istoriak… Nahiz eta geroz eta gutxiago geratzen garen familian.

Ni umetako gabonekin geratzen naiz, inozentziarenekin. Besterik gabe, gabonak dituzuenoi, ondo pasa gabonak eta gozatu hurbilenekoekin.

Oier

Iruzkinak (2)

« Aurreko orrialdea

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5