Artxiboa olerkia

Kale hutsak, barraskiloa, zu

Etxera bidean, kaleak hutsak aurkitu ditut. Gabez kaleak hustu egiten dira, beno batzuk hustu eta beste batzuk aldiz bete. Nik etxera bidean husten diren kaleak besterik ez ditut aurkitu.
Barraskilo bat aurreratu dut, euriak esnatu duen barraskiloa. Ez nau agurtu, nahikoa zuen aurrera egitearekin.
Gauez kaleak hustu egin dira; ni aldiz, zurez bete naiz, zuk bete nauzu.

Barraskiloa jada etxean da, ni oraindik ez… banoa azkar ahalik eta gutxien bustitzeko

“Agur”
“…”

Iruzkinak (1)

Erroman bizi nahi nuke

Zikindutako malkoak
begi ustelduetan barrena
koipeztutako bihotzak
kendu ezin den gizena
Zurezkoa nahi dut izan
zurezko harriz egina
ikatz panpina bat bezala
beltza elurraren haina
Hiri zaharretan amestu
amets zaharretan sinetsi
sinismenak lurperatu
eta lur azpian ez etsi!

zulotik atera
ihes egin
eta berriro zurekin

Erroman bizi nahi nuke
Erroman bizi nahi nuke(bis)

Kafetegietan galduta
olerki kamutsen bezero
gehio ezin naiz ezkuta
kafe errugabeen borrero
Zurezkoa nahi dut izan
hiri zaharretan amestu
amets zaharrak babestu
altxor galduenen gisan

alde egin
amets egin
eta berriro zurekin

Erroman bizi nahi nuke
Erroman bizi nahi nuke

Iruzkinak

SEKRETUAK ETA EURIA

-en ese momento
en que aún no sos poema
y podeis temblar sin yo antes
haberte dado el temblor

-en esos instantes
en que todavía soy tu dios creador
de sensibilidad extra-ordinaria
y expléndido don literario

Cuando tu boca ante mí
es simplemente tu boca;
eso no se entrega a la literatura

Ese gozo es mio

Carlos Fonseca Grigsby

-

Espazio
gabeko zulo hutsen bila.
nire barrenaz beste egin,
nire barrenera sartzeko
helburu utopikoarekin
dator.

Helburu inpermeablea,
hidrofobikoa naizela badiot.

Espazio gabeko zulo hutsen bila
horregatik nau busti.

Zurezkoa nahi dut izan
zurezko harriz egina.
Opil baten usaina
dudala
atzoko ogiaren
irmokeriaz.

Labe beroa
izotzez betea.
Berunezko flotagailua
ozeano barean
Altxor galduen gisan.

Ezertarako alegina.

Beltza
elurraren haina.
Ikatz
panpina artean.
Harria
zurez egina
zurea,
izan gogoan…
ahaztu.

Oier

Iruzkinak

udaberria


Neguaren ostean
zelaiak bizia hartzen du.
Belar-multzo uniformetik
udaberria loratzen da.
Lore bat, lehenbizi, beldurrez;
tropa bat ondoren,
lehenengo lorearen atzetik.
Zelaian loreak ugaritzen dira; aldaketa.
Ziklo bakoitzean bezala
udaberriak indarra hartzen du
eta zelaia zena
lore-itsaso bat bilakatzen da.

Loreak nagusi dira
udaberriaren babesean.
Loreek diote:
“Hemen loreok agintzen dugu”
eta belarra mutu geratzen da.
Ordea, loreek belarraren antza hartzen dute,
nahiz eta beraiek oso lore eta aske sentitu.

Baina badaude loreak
gatibu sentitzen direnak:
Beste loreen itzalpean, estututa,
eta, batez ere,
beren erroetatik askatu ezinda.
Orduan, haizeari esaten diote:
“Eraman nazazu, eraman zurekin”
Eta haizeak:
“Baina orduan nire esklaboa izango zara”

Badaude erroak utzi eta
haizearekin dantzan egiten dute loreak,
norabide finkorik gabe nabigatzen dutenak,
talka egin eta betiko ondoratu aurretik.

Eta gainontzeko loreak jaio ziren toki berean hiltzen dira.
Batzuk hazia askatzen dute,
lore bat izan daitekeena,
etorkizuneko udaberri batean.

Loreak, badoaz.
Badatoz lehorteak, badatoz euriteak,
badatoz ekaitzak eta badator elurra.
Negua da.

Iruzkinak

Kafea
Katilu bati hitz egiten ikasi dut,
erantzunik jaso gabe, kafe hatsarekin.
Egunkariari laztan egiten ikasi dut,
Miazkatu dudan nire hatzarekin.

Ezerezari begiratzen ikasi dut,
izkinetik datorren jende hotsagatik
Irrifarre bat eskertzen ikasi dut,
begiratu nauen jende hotzagatik.

Gero arte esaten ikasi dut
betirako agurren esker txarragatik.
Sustraiak ez botatzen ikasi dut
ibili ezin duten zuhaitz zaharrengatik.

Katilu, egunkari
ezerezari irriparre
gero arte
sustraiak bota gabe…

…Gizarte ustelean
denok zoro gaude
eta zoroetxeak
hutsak daude
Furgoneta batean
ihes egin nahi nuke
Inora aldera
norabiderik gabe.

Ikasi dut hitz egiten
Ikasi dut laztan egiten
Ezerezari begiratzen ikasi dut
Irrifarre bat eskertzen…
Gero arte esaten ikasi dut,
sustraiak ez botatzen.

…ikasi dut
…ikasi dut
barkaidazu…
ikasi dut.

Iruzkinak

aradari ihardetsiz (3 urte)

“La luz solar afecta a la creatividad”
eta zure begiradarekin kausitu ezinak.
Kolore anitzeko orriak erori arren
oro grisa da,
ekia ez baita esnatzen
eta misterioz inguratzen zaituen
arropa lodiak baitzaitu estaltzen.

Sormena eta zoramena hil dira:
atergabe negar eginak
hitzak taxutzen zituen
anpulu-jauzia idortu du.

Horren gisa da
hipotermiaz hil
zure gertutasuna maitatzen
pizten zen garra.
Horren grisa da….

Urak gure gurak gatzatu ditu:
ttanttoz ttantto,
anpuluz anpulu,
estalaktita aloxo bat luzatuz doa,
estalagmitarekin elkartuko ez dena
bizirik iraungitzen den bitartean.

Pantaila beltzaren gainean
oroitzapenak proiektatzen dira
koba isiltzen denean.
Otoi eta pena guztietan
present zaude, mutu.
Nire bihotz-taupadak hoztuz,
izoztuz,
isiltasuna ostuz,
arnasa moztuz,
soilik ikus zaitzaket
mutua zarenean…
Ezin baitut jasan
zure presentzia
nire arnas-hotsaren
azpitik geratzea,
isilik maitatzea
ezinezkoa zaidan arren.
(Izkiriatuz bai ordea)

Orduan nagusitzen dira
begiak,
keinuak,
usteak.
Sentipenak aurresaten,
leloturik,
hipotesi hutsak erabiliz,
alegiazko bi mundu
paralelo, paperezko,
eraikitzen ditugu.

Azken finean, ez gabiltza oker:
gure bideak ez dira gurutzatuko,
ez gara elkarrekin
urkatuko…
nahiz eta amilburu beretik amildurik
bukatuko duten gorpuek,
gorputz mortuek.

Ez duzu ihes egingo eta
ez zaitut ferekatuko,
ilunpean.

Bata besteari so
zenduko gara,
leloturik,
amildegi hegira
erroturik,
adarrak sustraiak baino sakonago
zimelduko direlarik,
garrak ere amatatzen dituen
ilunduran.

Eta ene itsutasunean
bihotzarekin xerkatuko zaitut
argitasunik,
begiradarik,
kolorerik,
malkorik,
maitasun-garrik,
soinurik,
berorik,
taupadarik,
arnasik…
ZU GABE.

Iruzkinak

(bazuen)

Txorien kantua tristea da
bakarrik kantatzen dutenean.
Doinu nostalgikoak
airean dar-dar egiten duenean.
Euria egiten du
txoriari anpuluek ihes egiten diotenean.
Txorien kantua tristea da
izan zenaren eta izan nahi duenaren
arteko kablean
balantza egiten duenean.

SLN

Iruzkinak

(jartzeke)

Presaka,
baina astiro.
Bizi guztirako maletak
asko du pisatzen.

Badirudi badoala,
behin hasi zena.
Jaiotzetik dakigu
bukatuko dena.
Noiz ordea?
zaila asmatzen.

Suak hartu ninduen
argia ikusiaz batera.
Eguzki izpi
edo fokoa,
ez naiz oroitzen,
garrek nirekin amaitu dutenean.

Sutan bizi izan naiz
arnas lehen aldiz
hartu nuenetik.

…eta garrek ahitu naute.

Eta trena
iritsi da azkenik
Atxurira.
zerrautsa
geratzen da soilik
aulki gogor eta hotz honetan.

Oier

Iruzkinak

Bihotz beltzen kluba

Bufanda beroak,
erabaki zailak
negu hotz batean

Kafeina hats eta
tabako usain artean
irrifarre iheslari,
muxu lasaigarriak
errealitate gordinean.

Sufrimendua maitatzea,
bizitzea…
samiña, poza
errealitatea.

Urdinez margotu dut
nire bihotza.
Zeruaren antzekoa izan dadin.
gogor eta hotza
besteen desberdin.

Ilunabarra iritsi da
izokin kolorez
zeru gorrituari
arrazoi emanez.

Aiztoa hartu eta
zulatu bihotza
Odolak berotu dit

lehen gogor

lehen hotza.

Egin beharra nuen
ez dit eman mina.
Gorri bihurtu da
lehen zena urdina.

eta odol jarioa
ez da geratu…

Dena beltza egin da
ni berriz zuritu.

Gaua heldu da
dena amaitu da.
Hurrengo goizerarte,

Bihotz beltzen kluban.

Oier

Iruzkinak

Oroimena

Aizu ez eskatu barkamenik,
baina beti gogoratu
ni zutaz enaiz ahaztu.

Urrun ikusten da Oroimena
ortziaren marra, banatu gintuena…

Handik pasatzean
beti begiratzen zaitut,
baina etzaitut ikusten
lehioaren bestaldean,
bizitza hau, momentu oro rebobinatzen.

Bizitza xinplea bihurtzen zait pentsatzean
zu bakarrik zaudela
baina ez da horrela,
horregatik utzi zadazu
zu begiratzen.

Eskaparateko maniki
horma hortako grafiti
denak nau zu oroitzen
hasia naiz zoratzen
mesedez
utzi zadazu zutaz oroitzen.

Hemen egongo naiz
itxaroten
geltokian parean,
trena jun bitartean.

Hemen utziko dut arrastoa
honaino iristeko
ezpainen gozoa…

Iruzkinak

« Aurreko orrialdea

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5